Social Icons

2017/01/30

"Sartu euskararen dimentsioan", haurrak D ereduan matrikulatzeko kanpaina // "Sartu euskararen dimentsioan", campaña para la matriculación en modelo D


Azken urteetan egindako lanarekin jarraituz, aurten ere abian jarriko du Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak 2-3 urteko haurren aurrematrikulazio sasoian euskarazko D ereduaren aldeko hautua bultzatzeko kanpaina: "Sartu euskararen dimentsioan". Mankomunitatearekin batera, Bizkaiko beste udalerri batzuk ere hartuko dute parte 2017-2016 kanpaina honetan.
Horren helburu nagusia umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea bada ere, aurten mezua aldatu da eta gurasoen inplikazioa beharrezkoa dela ere nabarmendu nahi izan da. Hau da, euskaraz ikasteak umeen heziketa sendotu eta aberastu egingo duela argi adierazteaz gain, gogorarazi zaie euskara ez dela umearen kontua bakarrik, erronka familia osoarena dela; eta euskararen dimentsioan batera sartuz gero, euskarak ematen duen guztiarekin gozatu ahal izango dutela. Guztira, 196 familiak -2015ean jaiotako umeren bat dutenek, hain zuen- jasoko dute informazio hori urtarrilaren erdialdetik aurrera.
Kanpainaren osagarri nagusiak lau dira: eskuorria, neurgailu bat, oparia eta inkesta. Eskuorrian hainbat adituk emandako hizkuntza aniztasunaren aldeko mezuak agertzen dira, baita D ereduan aritzen diren irakasle batzuen lekukotasunak ere. Neurgailuan www.emangiltza.eus web orria nabarmendu da, bertan gurasoentzako baliagarriak diren tresnak agertzen baitira. Horretaz gain, euskarazko eredua aukeratzea familia osoaren erronka dela adierazten dituzten mezuak ere agertzen dira. Horiekin batera, opari bat egiten zaie: eskuorriko zenbait atal ondo ikusteko hiru dimentsiotako betaurrekoak. Azkenik, Inkesta bat egiten da gurasoek kanpainari buruz duten iritzia eta gaiaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak jaso ahal izateko. Gurasoen iritzia ezagutzea oso garrantzitsua da Euskara Zerbitzuarentzat, hori dela eta, inkesta betetzen dutenen artean euskarazko produktuen sorta bat zozkatuko da otsailaren 24an. Inkesta egiteko helbide honetan sartu behar dira: www.emangiltza.eus/euskararendimentsioa.
Aurrematrikulazio epea urtarrilaren 30ean hasi eta otsailaren 10ean amaituko da.

0 comentarios:

Publicar un comentario